Podcastak

18 05 2010

Audacity programaren bidez, nire lehen podcasta egin dut, Aitziberrekin batera. Gure kasuan, irratsaio antzeko bat egin dugu, musikari biruzkoa. Hala ere, beste milaka erabilera eman diezazkiokegu programa honi, baina blogetik kanpo erabiltzeko ere.

Hona hemen gure lehen saiakeraren emaitza:

[AUDIO http://euskaltube.com/uploads/audio/bLpO1m0bgcvbvqzzGYcD.mp3|TITLES=IRRATSAIOA|WIDTH=480]





Community Managerrak

12 05 2010

Sortu berri diren beste lanbide asko eta asko bezala, duela gutxi arte Community Managerrena ere ezezaguna nuen. Hala ere, ukaezina da horrelako funtzioak betetzen dituen pertsona baten beharra dutela enpresek, gaur egungo merkatuan biziraun nahi badute behintzat. Baina zer da, zehazki, langile hauek betetzen dituen zeregina?

Nire iritziz, bi funtzio nagusitan laburbil daiteke beren egitekoa: entzutea eta erantzutea. Lehenik, ezinbestekoa dute lan egiten duten enpresak merkatuan dituen produktuen kontsumitzaileekin zuzeneko harremana uztartzea, honela, horiek dituzten kezka, kexa edota kritikak jaso baititzakete. Hori lortzeko, sare sozial eta foroez baliatzen dira Community Managerrak, baina ez pentsa beren lana foro batean galdera bat luzatzea bezain sinplea denik. Izan ere, blog batean noizean behin idaztea edo sare sozial batean kontu bat sortzea ez da nahikoa, postu honek kontsumitzaileekiko arreta sakonagoa, egunerokoa, landuagoa eta pertsonalizatuagoa eskatzen duelako. Benetako harremanak sortuz bakarrik lortu daitezke kontsumitzaileen benetako kolaborazioa eta gertutasuna, gure produktua hobetzen lagunduko digutenak.

Hala ere, ez da hor bukatzen Community Managerraren zeregina, jasotako feedback horri erantzun bat eman behar zaiolako. Horretarako, enpresakoekin bilerak egin eta kontsumitzaileek pentsatzen dutena transmititu behar zaie gainontzeko langileei, merkatuak dituen beharrei denon artean erantzuteko, produktua eraldatzeko edo hobetzeko. Prozesu honek, batzuetan, denbora luzea eraman lezake, zaila delako guztion artean adostasun batera iristea eta produktua eraldatzeko saiakera ugari egin behar direlako.

Hau ikusita, ez dakit lanbide horretan jarduteko prest egongo nintzatekeen, postuak eskatzen duen perfilaren ezaugarrietako bat eguneroko jarraipena delako eta hori, egia esan, ez dago nire izaeraren barruan. Hala ere, lanbide interesgarria eta dinamikoa iruditzen zait eta ez dut erabat baztertzen noizbait horretan aritzeko aukera.





Komunean ezkutuan

5 05 2010

Gaurkoan ere klasera, betiko errutina. Betiko ordutegia. Gustatuko litzaidake bai bizimodu biziago bat izatea, nola esan, akzio pixka bat edo. Izan ere, hain dirudi interesgarria bizitzak hemendik kanpo… badirudi jendeak etengabe bizi duela kontatzeko modukoa den zerbait. Niri gaur gertatu zaidan gauzarik interesgarriena, ordea, klase erdian komunera joatea da, nola liteke batzuek hainbeste eta besteok hain gutxi izatea?

Eskuak garbitzen nituen bitartean zerbait entzun dut. Hasieran, urruneko zerbaiten oihartzuna zirudien, baina gerturatuz eta sendotuz joan da zarata. Kolpe eta tiro hotsak belarrian iltzatu zaizkit nigandik oso gertu sumatu ditudanean eta geroago, oihu gogor batzuk ere entzun ditut.

Pasilora irten eta nire klasera begiratu bezain pronto, bahiketa bat gertatzen ari dela pentsatu dut: gelakide guztiak beren aulkietan eserita eta eskuak buruaren atzean dituztela daude eta aurpegia estalita duten bi pertsona armatu sartu dira gelan, horietako batek irakaslea paretaren kontra estutzen duelarik.

Beldurrak itotzen ninduela sumatu dut orduan, eta azkar batean, komunera itzuli, atea itxi eta txoko batean eseri naiz, ahal bezain uzkurturik. Baina horrelako egoera batean ezin besoak gurutzaturik geratu eta otu zaidan lehen gauza egin dut: mugikorretik 112 telefonora deitu.

Esan didatenez, unibertsitate osoa hartu dute bahitzaileek eta irteten saiatzea baino, seguruagoa omen da ezkutuan jarraitzea, erreskate taldea bila etorri arte. Eta eskegi egin didate. Zer egin orain?

Pasa den asteko klase bat etorri zait gogora orduan. Egoera larrietan jendeak komunikatzeko sare sozialak nola erabili izan dituen ikusi genuen, eta adibide horietan, eraginkorrena Twitter zela ere bai. Ez dut ezer galtzeko, beraz unibertsitateko Wi-fia aprobetxatuz, mugikorretik twitteatuko dut, nire egoeraren berri eman eta agian, nork daki, gainontzeko bahituen berri jasotzeko.

HUHEZIko bahiketan harrapatuta nago, goiko solairuko komunean ezkutatuta, nola atera hemendik? Zein da beste bahituen egoera? Tiroak entzuten dira.”

Eta orain ea norbaitek erantzuten didan. Hau ez da nik bilatzen nuen zirrara eta abentura, nahiago nuke betiko errutina aspergarria hautsi izan ez balitz.





Goiena komunikazio zerbitzuak

22 04 2010

Gaurkoan Iban Aranzabal izan dugu gurean, goienak biltzen dituen zerbitzuak azaltzen, eta orokorrean, hedabideei dagokienez zein ezaugarri izan beharko lituzketen eta beren etorkizuna nola ikusten duen argitzen. Bere iritzia agertzeaz gain, lankide batzuena ere bildu du Aranzabalek eta horien bidez adierazi nahi izan duena komunitatearen garrantzia izan da. Bere hitzetan, hedabide bakoitzaren entzule, ikusle edo irakurleek dute garrantzi gehien, beraiei zuzenduriko informazioa sortzea izan behar baita gure helburua.

Goiena osatzen duten hedabideek, GoiTB eta Goienkaria, kasu, euskaraz dihardute eskaintzen dituzten zerbitzu guztietan. Horrela, albiste eta blogak bisitatzen dituzten (2400 bisita egunean) kontsumitzaileek osaturiko komunitate garrantzitsua sortu da bailaran. Norbanakoez gain, inguruko eragile askok ere parte hartzen du komunitatean, lortu den zabalkuntzagatik bertako biztanle gehienengana iristea ahalbidetzen baitie. Horrela, guztien bilgune bilakatu da Goiena, era berean tokiko hedabide aurreratu eta berritzailea delarik.

Horrelako ereduak ikusita, galde genezake zergatik ez den antzekorik sortu gainontzeko bailaretan (Goiherrin adibidez), izan ere, badago hedabide mota hori onartuko lukeen komunitatea, baina, agian, proiektua aurrera eramateko beharrezkoa den jende ekintzailea falta zaigu.

Hedabide bakoitzak izaera bat daukanez, eta komunitate jakin bati zuzendurik dagoenez, oso garrantzitsua da medioek hartzaileekin duten harremana gertutik zaintzea eta hedabidearen eskaintza beraien beharretara egokitzea. Era berean, arrakasta lortzeko, hedabide berritzaile, original, desberdin, gertuko, zuzen, argi eta erakargarria izan behar da, gaur egungo merkatuak lehiakide onenentzat baino ez baitu lekurik.

Azkenik, hainbat aholku eman dizkigu Iban Aranzabalek, baina gehien harritu nauena Open Street Map izeneko baliabidearen aurkezpena izan da. Horren ezaguna den Google Mapsen alternatiba hau ez da batere ezaguna, baina askoz ere interesgarriagoa da. Horrek ezagunenak baino hobeak izan litezken beste baliabide batzuk ere badaudela gogorarazten digu eta hemendik aurrera gauza berriak probatzera bultzatu.





“Maialen Torres”

17 04 2010

Gizarte hipertestual batean bizi garen honetan, ezin kontrola dezakegu gutaz zer esaten edo idazten den, ala bai? Gaur egun edozertarako erabiltzen dugu Internet eta erabilera masibo horretan, saihestezina dugu gure nortasuna han edo hemen norbaitek (edo guk geuk) aipatzea.

Sare sozialetan guri buruzko informazioa ager daiteke, irudi bankuetan gure argazkiak, multimedia sareetan agertzen garen bideoren bat, egunkari zein aldizkarien webguneetan gure izena aipatzen den albisteren bat eta guri buruz idazten duten blogak ere egon litezke. Horrenbestez, nola edo hala, erraza da guri buruz hitz egiten duen zerbait hortik zehar (agian guk jakin gabe) argitaratu izana. Baina kontua ez da zenbat aldiz agertzen den gure izena Interneten, baizik eta argitaratzen den informazio eta ikus-entzunezko material horrek zer eduki mota duen eta zein irudi transmititzen duen guri buruz.

Nola jakin, ordea, gutaz zer idazten den? Googlen gure izenarekin bilaketa bat egitea bezain erraza da, bilatzaile honek interneteko eduki guztia aztertu eta gure esku jarriko baitu. Honela, eduki horiek aztertu eta beren izaera zein den jakin dezakegu, hau da, gure izen onarentzat kaltegarriak diren edo ez.

Nire kasuan, bilaketa egin eta gero ikusi ditudan edukiak ez dira batere kaltegarriak: Facebookeko kontua, klasean egindako blogak (nireak eta ikaskideenak), parte hartu nuen argazkigintza erakusketa bateko kronika, bertso lehiaketa batean saria irabazi nuenekoa … Emaitzak, kaltegarriak baino, onuragarriak dira nire irudiarentzat, beraz esan liteke ez dudala arduratzeko inolako arrazoirik.

Hala ere, baliteke kontrako kasua gertatzea eta ematen den irudia erabat kaltegarria izatea eta horrelakoetan arazoari irtenbidea garaiz bilatzea komeni da. Esaterako, blog batean gutaz gaizkiesaka ari den norbait aurkituz gero, guk geuk hartu beharko dugu parte blog horretan, gure egia defendatu eta gezurra dariola ari den bloggerra agerian uzteko. Baliteke, baina, kasu batzuetan metodo horrek arrakastarik ez izatea eta horrelakoetan, egoeraren araberako irtenbideak bilatu beharrean izango gara.

Azkenik, gure izen onaren defentsan lagunduko digun tresna bat aipatu nahiko nuke: Google alerts. Horren bidez, gure posta elektronikoan mezu bat jasoko dugu guri buruzko zerbait argitaratzen den bakoitzean eta errazago egingo diogu aurre. Era berean, baliabide hau erabiltzen badugu, gure izen ona zaintzearen garrantziaz eta Internetek sor diezagukeen kalteaz ohartuko gara.





Google Calendars

14 04 2010

Hauxe dugu Google enpresak eskaintzen dituen produktuetatik ezagutu dugun azkena: Google Calendars. Beste behin ere Googlek gure arreta piztea lortu du, agenda moduan funtzionatzen duen egutegi baten bidez.

Eskaintzen dituen aukeren artean, nire ustez interesgarriena egutegiak partekatzeko aukera da. Funtzio horren bitartez, norberak sortutako egutegi bat, demagun, jaiei, kontzertuei eta ekitaldiei buruzkoa, beste edonorekin partekatzea posible da, adibidez, koadrilako gainontzeko kideekin. Honela, posible da hitzordu batez jendea informatzea, banan-banan abisatu gabe.Behar den bakarra jendeak egutegia kontsultatzeko konpromisoa hartzea da, guztiek hitzorduaren berri dutela ziurtatzeko.

Guk sortutako egutegiez gain, badugu “estandarrak” direnak eskuratzeko aukera ere. Honela, herrialde bakoitzeko jaiegunena hartu dezakegu, adibidez, beste herrialde batera oporretan bagoaz edo bertan lagunak badauzkagu.

Hala ere, aipaturiko bi ezaugarriok Google Calendarsek eskaintzen dituen aukeretako batzuk baino ez dira eta guztiak ezagutu nahi izanez gero, norberak erabili eta saltseatzea baino bide hoberik ez dago, baina argi ikus daiteke tresna ezin hobea dela. Izan ere, gaur egun horren garrantzitsuak diren partekatzea eta hipertestu egitura biltzen ditu egutegi honek, beti ere Googleren izaera sinplea eta erabilerraza mantenduz.





Elikadura nahasteak

14 04 2010

Google Docs bidez egindako aurkezpen hau uzten dizuet oraingoan: anorexia eta bulimiari buruzkoa. Ezkutuan dauden arren, gaur egun gazte askori eragiten diete gaixotasun hauek eta arazoari aurre egiteko beharrezkoa da jendeak ezagutzea.








Follow

Get every new post delivered to your Inbox.